Leioako udalak eta herritarrek elkarrekin lan egingo dute leioaztarrek proposatutako eta aukeratutako proiektu bat garatzeko

Martxan dugu Ekin Leioaren II. fasea herritarren partaidetzarako eta elkarlanerako udal berrikuntza proiektua, leioaztarrek proposatutako ekimenak garatzen laguntzeko.

Hurrengo mapan leioaztarrek proposatutako 23 erronka kolektiboak aurkituko dituzu. Baten bat zure interesekoa bada eta bere garapenean lan egin nahiko baduzu proposamenarekin bat egiteko eskatzen dizugu.

Erronkak hiru koloreen arabera ezberdintzen dira:

  • BERDEA. Ekin Leioaren jolas-arauak betetzen dituzten proposamenak dira, orain herritarren babesa bilatzen dutenak. Bertatik hurrengo ikasturtera begira landuko den erronka kolektiboa aterako da, hortaz, gairen bat zure interesekoa bada eta komunitate mailan bere garapenean lan egin nahi baduzu, auzokide egin zaitez kide!
  • GORRIA. Ekin Leioaren jolas-arauak bete ez dituzten erronka kolektiboak dira. Proposamenaren alboan udal sailaren erantzuna topatuko duzu, zeinetan erronka zergatik aurrera ez doan azaltzen den. 
  • LARANJA. Udalak aurreikusita dituen erronkak edo beste udal esparruetara bideratutako erronka kolektiboak dira, EKIN-en garatu beharrean interesgarriagoa delako beste udal eremu edo proiektu batera bideratzea (adibidez jada martxan daudelako). Proposamenaren alboan udal sailaren erantzuna topatuko duzu, zeinetan erronka zergatik bideratzen den azaltzen den. 

Hurrengo pausoa elkarrekin, 23/24 ikasturtean herritarren eta udalaren artean landuko den erronka kolektiboa erabakitzea da. Horretarako abenduaren 13an, 17:00etan Aukeraketa Topaketa antolatu dugu Herritar Laborategian (Iturriondo kalea 10. zenbakia, 2. solairua, eskuina). Saio irekia izango da zeinetan herritarrek garatu nahi duten erronka aukeratuko duten, baina saioa ondo prestatu ahal izateko beharrezkoa da aurretiaz izena ematea link honetan edo 654 15 06 40 telefonoan.